XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lurraren eta perretxikoen lurruna zerion eta aide epela txori txorrotxioez beterik zegoen.

Bastian itzuli eta basoko kapera tipi batetik irtena zela ikusi zuen.

Momentu hartan kaperako atea Mila Atetako Tenpluaren irteera izana zen.

Bastianek berriro ireki, baina bere aurrean kaperako barrukalde estu eta txikia ikusi zuen soilik.

Teilatua basoko aidean altxatzen ziren gapirio bipitsu batzuetaz soilik osatzen zen eta hormak, goroldioak estalita zeuden.

Bastian bideratu zen, hasieran norantz jakin gabe.

Ez zuen ezbaian jartzen, lehenago edo geroago, Atreyurekin topo egingo zuela.

Eta izugarri alaitzen zen elkarraurkitze horretaz pentsatzen.

Erantzun zioten txoriei txistu egin zien, eta oso altu eta alaitasunez zoratuta, burutik igaro zitzaion guztia abestu zuen.

Pixka bat ibili ta gero, agerrune batean pertsona akanpatu talde bat ikusi zuen.

Hurbiltzean, konturatu zen gizon asko arma miragarriekin zirela.

Haien artean bazegoen ere belarrean esertzen eta laute bat zarrastaka jotzen zuen dama eder bat.

Atzean zenbait zaldi zeuden, aberaski zelatuta eta bridatuta.

Belarrean etzanda eta solas egiten zuten gizonen aurrean zamau zuri bat zegoen zabalduta eta bere gainean era guztietako janari eta edariak.

Bastian taldera hurbildu, baina lehenago Haur Enperatrizaren kutuna bere alkondarapean gorde zuen, jende hura ezagutu gura bait zuen, bere burua ezagutzera eman eta nabarmendu gabe.

Iristen ikusi zutenean, gizonak zutitu eta makurtuz korteziaz agurtu zuten.

Nabariro, Ekialdeko printzetzat edo antzeko zerbaitzat hartzen zuten.

Dama ederrak ere irrifarretsu makurtu zuen burua, baina segitu zuen bere tresna pultsatzen.

Gizonetariko bat bereziki zihoan jantzita.

Oraindik gaztea zen eta sorbalden gainean erortzen zitzaizkion ileak horiak zituen.

- Hynreck Heroia naiz erran zuen eta dama hau Oglamar printzesa da, Lunngo erregearen alaba.

- Gizon hauek nire adiskideak dira Hykrion, Hysbald eta Hydorn.

- Zein da zure donua, adiskide gaztea?